Published on October 17th, 2017 | by admin
Tolosak Landa Inguruneko Emakumearen Nazioarteko Egunaren beste edizio bat hartu du, “Egindako lanaren aitortza” lemapean
“Egindako lanaren aitortza” lemapean, urtetan eta urtetan Euskadin landa ingurunearen alde aritu diren emakumeei eskerrona erakutsi nahi izan zaie egindako lanagatik eta lan hori agerian utzi, eta emakumeeek gure elkartean (HITZEZ) eta Tolosako Babarruna Elkartean egindako bidearen berri eman da (Hitzez eta Tolosako Babarruna Elkartea). Era berean, Landa inguruneko Emakumeen Batzordeko kideak diren elkarteetako ordezkariek horma irudi bat osatu dute, kasu zehatzekin, aitortza ekitaldi hau agerian uzteko. Landa inguruneko emakumeen eta emakumen nekazarien egoerari buruz 2016an egindako bi azterlan ere aurkeztu dira.
Azterlanen aurkezpena
Lehen azterlana, “Emakumeak euskal landa ingurunean”, Estatistikaren Euskal Planaren barruko lau hilekoko txostena da, eta bere helburua da landa inguruneko emakumeen bizimoduari buruzko informazio etengabea lortzea, bestela antzematen zailak izango lirateken premiak eta gabeziak detektatzeko: besteak beste, antzeman da landa inguruneko emakumeek landa inguruneko gizonezkoek baino ordubete gehiago egiten dutela lan egunero eta, gainera, urtetik urtera gehiago direla elkarteetan, zein politikan edo prestakuntza ikastaroetan parte hartzen duten emakumeak, eta lehen sektorea landa ingurunearen oraingo zein etorkizuneko aldaketa eragiletzat jotzen dutela, betiere sektorean gazteak sartzea babesten baita.
Bigarren azterlanak, “Emakumeak euskal nekazaritza sektorean: emakume nekazariak” izenekoak, egoeraren hasierako argazki bat planteatzen du, Estatutuan jasotzen diren neurriek etorkizunean edukiko dituzten ondorio positiboak neurtu ahal izateko. Azpimarratzekoa da ustiategien %37 baino ez daudela emakumeen esku, nahiz eta emakumeak laguntza handia izan nekazaritzako ustiategirako, gehiengoa baitira famili laguntzan. Azterlan bien eduki osoa web orri honetan kontsultatu daiteke:
http://www.euskadi.eus/landa-emakumeak/web01-a2lanits/eu/
Emakume Nekazariaren Estatutua
2015ean Eusko Legebiltzarrak Emakumen Nekazarien Estatutua onartu zuen aho batez, eta une horretan Euskadi lehen sektoreko eta landa inguruneko emakumeen lan egoera arautzen zuen lehen Autonomia Erkidegoa bihurtu zen. Bere asmo nagusia zen emakumen nekazarien lana gehiago ikusaraztea eta ustiategien titularitatea eskuratzen laguntzea. Keinu sinbolikoan, onarpen horrek bat egin zuen Landa Inguruneko Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.
Estatutuaren oinarrian dago nekazaritza sektorean emakumeek sufritzen duten diskriminazioari aurre egitea, batez ere aitortza profesionalari eta estimu sozialari dagokionez. Egia da ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioa ez datorrela bat horiek egiten duten egiazko lanarekin, sarritan lan horiek agerikoak ez direlako. Helburua da landa eremuko emakumeen zereginaren balioa agerian jarri eta ikusgarri bihurtzea, eta bereziki nekazaritzako elikagaien industriari eta, ondorioz, landa garapenari egiten dioten ekarpena.