Published on March 9th, 2020 | by admin
Martxoak 8an, baserriko lanak utzi eta elkarretaratzea egin zuten emakumeek
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Hitzez elkarteko emakume baserritarrek irteera kulturala egin zuten Zugarramurdira. Behin Zugarramurdin, bertako emakume baserritarrekin elkartu ziren eta “berdintasunik gabe, bakerik ez” lemapean, emakumeak oraindik ere gizartean jasaten dituen bortizkeriak salatu zituzten.
Irteera kulturala izanik Zugarramurdiko kobako bidea egin eta elkarrekin bazkaltzeko tartea ere izan zuten.
Hitzez elkarteko lehendakari den Ana Mª Eizagirrek elkarteratze hauek egitearen garrantzia azpimarratu du: “Baserritarraren lanbidea bakartia da oso eta elkarrekin egon eta egoerak partekatze hutsak, ulertuta sentitzeak, babes izugarria da guretzat. Honelako irteerek arnas pixkat ematen digute eta gure egunerokoan jarraitzeko gogo eta griñak pizten dizkigute”.
Hitzez elkarteak, urtean zehar, hainbat ekintza antolatzeko saiakera egiten du eta ondorioz, emakume guztiei jarduera hauetara gerturatzeko gonbitea luzatzen die; www.hitzez.net webgunean topatu daiteke informazio guztia.