Tel.: 689 091 841


Agenda ana mari eizagirre hitzez elkarteko presidentea

Published on October 15th, 2020 | by admin

Emakume baserritarrok gure burua zaindu behar dugu, somatizaziorik ez gertatzeko, eta baserritar sena mantentzeko

 Ana Mari Eizagirre Hitzez elkarteko presidenteari elkarrizketa

 

“Nola liteke Euskadi mailan hainbeste langabe egotea berez baserrian lana badagoenean?”

“Emakume baserritarrok gure burua zaindu behar dugu, somatizaziorik ez gertatzeko, eta baserritar sena mantentzeko”

 

Gaur Landa-inguruneko emakumeen nazioarteko eguna dela eta, Ana Mari Eizagirrerengana jo dugu. Zumaiarrak, Urola Kostako beste bost emakumerekin batera, 2007an sortu zuen Hitzez, Baserriko emakumeen elkartea, landa-inguruneko emakumeen osasuna hobetzeko helburuarekin. 55 kidetik gora dituen elkarte honetan, emakume baserritarrei “ikusarazi nahi diegu zenbateko garrantzia duen beraientzat denbora hartzeak eta beraien burua zaintzeak”, dio baserriaz gain Santa Klara landetxea ere baduen Ana Marik.

Elkartean emakume baserritarren arteko topaketak, hitzaldiak, osasun- tailerrak eta elkarrizketak sortzen dituzue….

Bai, izan ere, historikoki, landa-inguruneko emakumeek ez dute lekurik izan beraien plaza izateko. Eta uste dugu Hitzez elkartearen bidez lortzen ari garela espazio bat sortzea, emakumeek baserriko bizipen, oztopo, beldur eta antsietateak adierazteko. Baina pozak ere bai,  e?

Zein ustiapen mota dira ohikoenak?

Baratza eta abeltzaintza gehienbat, baina ez dezagun ahaztu horrekin batera emakume baserritarrek beste lan garrantzitsu bat dutela: familia-kideak zaintzea. Horregatik, baita ere, elkartean nekazal guneetako emakume eta gizonezkoen berdintasunaren alde lan egiten dugu.

Eta zein dira zuen aldarrikapen nagusiak?

Lehena da sortzen dugun produktua oso gaizki ordaintzen dela. Nik esne-behiak ditut, eta kontuak atera, baserritarroi esne litroa 30 xentimoan ordaintzen zaigu, hau da, kostua baino 3 xentimo gutxiagoan, proportzioan 1986an ordaintzen zen prezioan. Bigarren erreibindikazioa esango nuke baserri munduan ama izatea oso zaila dela, azkenean ustiapena 24 orduko lana delako. Demagun emakume baserritar bat haurdun dagoela eta baja hartu behar duela. Nork hartuko du bere tokia?

Eta diru-laguntzei dagokienez?

Diru-laguntzak badaude, eta nahiz eta batzuetan luzatu, azkenean etortzen dira.

Adibidez?

Baserrian hobekuntzak egiteko, % 30 arterainokoak. Eta hori oso ondo dago, baina aurten, pandemiarekin, diru-laguntza eskatu dutenek portzentaje horren % 30 datorren urteko urtarrilean kobratuko dute, eta gainontzekoa, 2022an. Hala ere, nire kezka beste bide batetik doa.

Zein?

Ba herritarrak kontzientziatu behar ditugula, bestela jai dugu. Jendea konturatu behar da kalean ez dela egiten ez letxugarik ez esnerik eta ez haragirik. Argi dago pandemiak gogor jo gaituela, eta jende asko dagoela lanik gabe, baina nik esaten dut: nola liteke Euskadi mailan hainbeste langabe egotea berez baserrian lana badagoenean? Arrazoia? Jendeak baserriko lana egin nahi ez duelako izango da.  Gipuzkoan, bi untxi ustiategi itxiko dituzte laster, negozioari segida emateko jenderik topatu ez dutelako. Ze gizarte egiten ari gara? Lana osasuna da.

Zer uste duzue falta dela emakume gehiagok pausoa eman dezaten baserritarrak bihurtzeko?

Ba benetan ikustea lan gogorra den arren, 8 ordu baino gehiagokoa, baserritarra izateak gauza on asko ere badituela.

Baserritarra izatea beti izan da ofizio askoko ogibidea

Bai horixe, belarrak moztu, behiak eta ardiak jetzi, ganadua zaindu eta etxea gobernatzeaz gain, jada ez da nahikoa tratuarekin plazara joatearekin. Izan ere, orain komertzial lana ere egin behar dugu dendetan edo etxez etxe joanda zuen produktuak saltzeko

Baserritik bizitzeko ez da nahikoa gogoa izatea…

Ez horixe. Porruak eta letxugak landatzeko, esnea jezteko eta abar luze bat egiteko gogoa izatea eta ikastea bezain garrantzitsua da baserritar sena izatea, sortzez baserritarra edo kaletarra izan, berdin du. Gogoa pasa egin daiteke, baina sena mantendu egiten da. Horretarako, ordea, emakume baserritarrok gure burua zaindu behar dugu, batetik somatiaziorik ez gertatzeko, eta, bestetik, baserrian aritzeko sena  mantentzeko.

 

Animalisten presioa sentitzen al duzue?

Bai, eta pena da, uste baitut ez dutela gure sektorea benetan ezagutzen. Horregatik, landetxeak dituzten baserrietan turistekin bisita gidatuak egiten ditugu, jendeak ezagutu dezan errealitatea zein den. Esate baterako, haragirako animaliak dituzten baserrietan, bizi kalitatea ematen diegu, elikadura onarekin, gainera. Eta bisitariei ere esaten diegu zein beharrezkoa den jendeak bertako produktua erostea guk goiari eusteko. Kilometro 0n dago koska, gure lurrari bizitza ematen diogulako eta horri esker sano jaten dugulako.


About the Author



Comments are closed.

Back to Top ↑
  • HIZKUNTZAK

  • HURRENGO EKITALDIAK

  • 2023 urteko egitaraua

    2023 urteko egitaraua
  • Hitzez zuregandik gertu

    Zure beharrei erantzuteko telefono berria 623068983

    Garai zail eta ilunak bizi baditugu ere, guztiok elkarrekin aurrera egingo dugu.

    Orain inoiz baino gehiago, Hitzez Elkarteak, zuen, nekazarion, alboan egon nahi du. Hori dela eta, telefono zerbitzu berri bat jarri dugu martxan, eguneroko kezka edo arazoei irtenbidea ematen laguntzeko batetik, edota enpresa ideiaren bat baduzu beharrezko aholkularitza eskaintzeko bestetik. Kontsulta guztiak anonimoak izango dira.