Hitzez elkarteko presidentea Bolivian izan da, munduko hainbat herrialdetako emakumeekin esperientziak partekatzeko,landa-eremuko emakumeen ahotsa zabaltzeko eta nazioarteko harremanak sendotzeko.
2025eko irailean, gure elkarteko presidente Ana Eizagirrek Boliviako Santa Cruz hirian egindako Emakume Indigenen eta Landa Eremuko Emakumeen III. Nazioarteko Goi Bileran parte hartu zuen, Hitzezen ordezkari gisa.
Topaketak Bolivia, Peru, Kolonbia eta Euskadiko emakumeak bildu zituen, biodibertsitatearen babesa, klima-aldaketa, emakumeen eskubideak eta landa-eremuaren etorkizuna aztertzeko.
Guretzat, horrelako nazioarteko topaketetan parte hartzea aukera bikaina da beste lurralde batzuetako emakumeen errealitateak ezagutzeko, esperientziak trakatzeko eta, desberdintasunak desberdintasun, elkartzen gaituzten kezka zein erronkez hitz egiteko.
Hitzezen ahotsa nazioarteko mahai-inguruan
Goi-bileraren baitan, Anak politika publikoek emakume indigenen bizitzan duten eraginari buruzko mahai-inguruan parte hartu zuen, Kolonbia, Peru eta Boliviako beste hiru ordezkarirekin batera.
Saioan, emakumeek erabaki-guneetan duten presentzia, beren eskubideak eta landa-eremuko emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko politikek duten garrantzia izan ziren hizpide.
Hitzezen urteak daramatzagu emakume baserritarren ahotsa entzunarazten, gure arteko sarea indartzen eta landa-eremuan emakumeok dugun eginkizuna ikusarazten. Horregatik, gure esperientzia beste herrialde batzuetako emakumeenarekin partekatzeko aukera bereziki garrantzitsua da guretzat.
Lurralde desberdinak, partekatutako erronkak
Goi-bileraren ardatz nagusietako bat biodibertsitatearen eta lurraldearen defentsa izan zen. Emakumeek beren komunitateetan egiten duten lana, ingurumenaren zaintza eta etorkizun jasangarriago baten aldeko ekimenak ezagutzeko eta eztabaidatzeko aukera eskaini zuen topaketak.
Jardunaldiaren amaieran, parte-hartzaileek Emakume Indigenen eta Landa Eremuko Emakumeen Itun Berdea adostu zuten; hau da, ura, basoak zein biodibertsitatea babesteko eta emakumeen parte-hartzea indartzeko konpromisoak biltzen dituen agiria.
Elkarrekin, mugak gaindituz
Hitzezetik uste dugu emakume baserritarren arteko elkarlanak ez duela mugarik. Gure herrietako zein baserrietako eguneroko errealitatetik abiatuta, munduko beste emakume batzuekin ere baditugu partekatzeko esperientziak, ikasteko gauzak eta aurrera egiteko arrazoiak. Anaren parte-hartzea beste urrats bat izan da gure ahotsa nazioartean zabaltzeko eta emakumeen arteko sareak sendotzeko.
Gertutik hasi eta urrutira iritsi. Elkarri entzunez, esperientziak partekatuz eta elkarrekin bidea eginez jarraituko dugu.






