Tel.: 689 091 841

Lizagasarrera bisita: emakume baserritarren arteko topaketa Elgoibarren

Hitzez Emakume Baserritarren Elkartetik topaketa ederra egin dugu Elgoibarko Lizagasar Sagartokixan, sektoreko bizipenak partekatzeko eta gure arteko sarea sendotzeko helburuarekin.

Hamar bat emakume baserritar elkartu gara bertan (elkarteko kideak zein kide ez direnak), gure artean lasai egoteko, lanbideko kontuak partekatzeko eta inguruko proiektu interesgarriak gertutik ezagutzeko.

Oraingo honetan, Lizagasarren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dugu. Asierrek eta Anek martxan jarritako proiektua da Lizagasar: sagarraren bueltan sortutako egitasmoa, artisautza, kalitatea, bertako barietateak eta lehen sektorearekiko konpromisoa uztartzen dituena. Bertatik bertara ezagutu dugu nola egiten duten lan, zein bide egin duten orain arte eta zein erronka dituzten aurrera begira. Galderak egiteko tartea ere izan dugu, eta elkarrizketa oso aberatsa sortu da.

Emakume baserritarrok dagoeneko elkar ezagutzen dugun arren, horrelako topaketek beste lasaitasun bat ematen digute: patxadaz hitz egiteko, eguneroko bizipenak partekatzeko, zalantzak mahai gainean jartzeko eta sektorearen egoeraz elkarrekin hausnartzeko.

Gero, mokadu baten bueltan jarraitu dugu solasean, giro goxo eta hurbilean. Baserri munduaz, emakumeon presentziaz, belaunaldi-erreleboaz, proiektu berriez eta lehen sektorearen etorkizunaz hitz egin dugu, gertutasunetik eta konfiantzatik.

Hitzezetik argi dugu horrelako espazioak beharrezkoak direla. Emakume baserritarren arteko sarea sendotzea, elkarri entzutea eta gure esperientziak partekatzea funtsezkoa da lehen sektorea bizirik, ikusgarri eta sendo mantentzeko. Horregatik, bide horretan jarraituko dugu: elkartuz, elkar zainduz eta gure ahotsa hedatuz.

Berri Geihago: